“Unibertsitatean zaude, eta une batean komunera joan zara. Bertan zaudela, tiroak entzun dituzu. Korridorera irten, eta ikusi duzu morroi batzuek bahitu egin dituztela ikasleak eta irakasleak. Aldean eskuko telefonoa daukazu. Zelan jarri harremanetan kanpoko jendearekin? Zelan jakinaraziko diozu munduari zer gertatzen ari den hemen?”
Arazoa konpontzeko ezer gutxi egin dezaket neuk soilik, eta onena larrialdietako telefono zenbakira (112) deitzea izango dut, hasteko. Hala ere, hizketan ari naizen bitartean erasotzaileek entzuteko aukera dago, eta ahalik eta baxuen aritzea komeni zait, badaezpada ere.
Behin hori eginik, bi aukera nituzke: neure burua babesten ahalegintzea edo hortik zehar heroiarena egiten joatea. Bigarren kasu honetan, kazetari lanak egin nitzake, esaterako. Har nezake mugikorra eta sartu Twiterren. Bertan mezu deigarri bat idatziko nuke: “Bahiketa HUHEZI fakultatean!!! Bahitzaileek preso hartu dituzte ikasle eta irakasle denak, lagundu!!!”. Mezu bera gaztelania eta ingelesez idatziz gero, mundu zabalera lehenago zabalduko da albistea. Ondoren joan ninteke apur bat aztertzera, beti ere ezkutuan, eta gertatzen denaren berri ematen jarraitu: “Bahitzaileak atzerritarrak dira itxuraz eta Aritz Meoki ikaslea ari da itzultzaile eta bitartekari lanak egiten, ingelesez”. Argazkiak ere atera nitzake, ahal balitz bahitzaileei eurei zirrikituren batetik, eta bestela HUHEZIri besterik gabe, jendeak jakin dezan nolakoa den tokia.
Egin nezake hori guztia, noski, baina ez dut egingo. Nahikoa lan badut ezkutaleku on bat topatzen, laster komunak miatzen hasiko dira eta agian. Garbiketa produktuen gela ez legoke gaizki, baina itxita dago. Uste dut korrika aterako naizela hemendik, eta Eskoriatzako udaltzaingoak babes nazala. Hori bai, honetatik bizirik ateratzen banaiz, blogean kontakizun luze eta zabala idatziko dut.
Utzi erantzun bat
Erantzunik ez oraindik.
RSS erantzunak TrackBack Identifier URI


