
Nire lehen Podcast-a duzue honakoa. Madeleine talde donostiarraren musika erabili dut baimenik gabe eta ez daitezela haserretu, arren. Patxi Lopez lehendakaria mehatxatzen dut. Argi ibili, Patxi.
[AUDIO http://euskaltube.com/uploads/audio/YGF24Ekxa2lHRlJZMQs3.mp3|TITLES=Hireak egin dik, Patxi |WIDTH=480]
Arazoa konpontzeko ezer gutxi egin dezaket neuk soilik, eta onena larrialdietako telefono zenbakira (112) deitzea izango dut, hasteko. Hala ere, hizketan ari naizen bitartean erasotzaileek entzuteko aukera dago, eta ahalik eta baxuen aritzea komeni zait, badaezpada ere.
Behin hori eginik, bi aukera nituzke: neure burua babesten ahalegintzea edo hortik zehar heroiarena egiten joatea. Bigarren kasu honetan, kazetari lanak egin nitzake, esaterako. Har nezake mugikorra eta sartu Twiterren. Bertan mezu deigarri bat idatziko nuke: “Bahiketa HUHEZI fakultatean!!! Bahitzaileek preso hartu dituzte ikasle eta irakasle denak, lagundu!!!”. Mezu bera gaztelania eta ingelesez idatziz gero, mundu zabalera lehenago zabalduko da albistea. Ondoren joan ninteke apur bat aztertzera, beti ere ezkutuan, eta gertatzen denaren berri ematen jarraitu: “Bahitzaileak atzerritarrak dira itxuraz eta Aritz Meoki ikaslea ari da itzultzaile eta bitartekari lanak egiten, ingelesez”. Argazkiak ere atera nitzake, ahal balitz bahitzaileei eurei zirrikituren batetik, eta bestela HUHEZIri besterik gabe, jendeak jakin dezan nolakoa den tokia.
Egin nezake hori guztia, noski, baina ez dut egingo. Nahikoa lan badut ezkutaleku on bat topatzen, laster komunak miatzen hasiko dira eta agian. Garbiketa produktuen gela ez legoke gaizki, baina itxita dago. Uste dut korrika aterako naizela hemendik, eta Eskoriatzako udaltzaingoak babes nazala. Hori bai, honetatik bizirik ateratzen banaiz, blogean kontakizun luze eta zabala idatziko dut.
“Kepa Matxain” ipini dut Google bilatzaileko laukitxoan eta 11.300 emaitza inguru eman dizkit. Noski, guztiak ez dira niri buruzkoak. Badakit familian badela nire izen bera duen beste bat, bizikleta denda bateko jabea bera, eta enpresari interneten bere txokoa egin dionez, emaitzetako asko berari dagozkionak dira. Horregatik egin dut froga “Kepa Matxain Iztueta” jarrita, jakitun azken abizena idaztearekin batera niri eragiten didaten hainbat emaitza baztertzen ari naizela: 344 emaitza oraingoan.
Euskaraz.net atarikoak dira lehen emaitzak, ipuin sariketa batekoak. Ondoren Facebook sare sozialari dagozkionak datoz, lehenik nire kontuaren izena eta jarraian nire lagunena. Hauen ostean Flickr argazki biltegiei erreferentzia egiten dietenak ikus daitezke eta kasu honetan nire lagunen kontuak lehenago ageri dira nirea baino.
Horraino emaitza “garbiak” edo. Hortik aurrera bilatzaile ezezagun samarretan eginiko bilaketen emaitzak agertzen hasten dira. Aurten Txema Egañarekin sortutako blogaren emaitzaren bat eta Aitor Zuberogoitiaren “Lehengaia” blogeko besteren bat dira hortik aurrerako emaitza aipagarri bakarrenetarikoak.Kontuan harturik ageri diren emaitzetan niri buruzko iritzi, kexa edo burlarik topatu ez dudala eta lehen emaitzak lehiaketa batekoak direla, balorazio positiboa egiten dut. Oraingoz, Interneten inor ez da nire izena zikintzen saiatu. Hala ere, etorkizunean horrelako zerbait gertatuko balitz gaur bertan sortu dut Google Alert bat. Sistema honen bidez, sarean nire izena idazten duten unean izango dut horren berri eta kritika txarrei erantzuteko parada izango dut.
Hau egingo ez banu, posible litzateke norbait nire izena zikintzen aritzea eta ni ez ohartzea. Ongi egindako kritikek zer pentsatua ematen dute, bai, baina norberak beti izaten du zeresana eta hori plazaratzeko aukera edukitzea beti da ona.
Hala eta guztiz, jakin badakit ez naizela pertsonaia ezaguna eta nire izena noizbait agertuz gero ere, ez dela kritika batez lagunduta egongo. Hobe izen ona egunerokoan defendatu.
Googledocsen baliabideak gehiago ezagutu asmoz, aurkezpen bat osatu dugu. Saiatu gara aurkezpen batek bete beharreko oinarrizko baldintzak errespetatzen eta sinpletasunari garrantzia ematen, testua eta irudiak tartekatuta. Gurasoei egindako kritika da, ironia kutsuz beti ere.
Ikusteko egin klik irudian:
Ondasun denak kenduko dizkidate eta laster naiz kaleko arlote. Eroski baten aurrean ikusten banauzue, arren, bota txanpon txikiren bat, salda beroa hartzeko gutxienez.
Kontua da interneteko artikulu bat irakurri dudala pasahitzen inguruan, eta ia egin behar ez den guztia egiten dudala nik. Hacker asperturen bati burutik pasatzen bazaio nirekin saiatu eta pasahitza asmatzea, ez du lan zaila izango, nonbait. Izan ditut okerragoak, hala ere.
Gogoan dut “matxain7” izan zela lehenengoa. Gero futbolean hasi nintzen Añorgan eta 10 zenbakia neraman bizkarrean, beraz, “añorga10”-era aldatu nion nortasuna nire pasahitzari. Originala ni. Izebak aholkatuta, pentsa zenbat dakien, nire jaioteguna jarri nuen hurrena: 19910905 (pentsatzen jarrita, agian nire kontuetan lardaskan aritzeko aholkatu zidan sorgin horrek). Horrekin ere nazkatu nintzen eta geroztik serioagoetara aldatu naiz (ez ditut aipatuko).
Gaur irakurritako artikuluak bost aholku ematen ditu:
1- Ez erabili pasahitz bera toki desberdinetan: nik berdina erabiltzen dut tuentin, hotmailen, gmailen, twitterren, flickrren,eta beste toki askotan.
2- Ez erabili hiztegian aurkitu daitezkeen hitz arruntak, nahastu beste karaktere batzuekin (“•$%&/…): nirea hiztegian dago.
3- Pasahitzak ez du datu pertsonalekin loturarik izan behar: horretan fin nabil.
4- Ez utzi pasahitzak paper batean idatzita jendearen eskura: ez dut inon idatzi, bakarra da eta gogoratzen dut.
5- Pasahitza berriro aldatzeko aukeretan, ez erantzun galdera errazenei (zein da zure hiria, amaren izena…), sortu galdera pertsonal bat: hori ere nahiko ongi egin dut.
Artikulua irakurri ostean ohartu naiz pasahitz txarra dudala. Gainera, hemen emandako arrastoak eta gero, onena aldatzea izango dut. Egindako kontu guztietan aldatzen ez naiz hasiko, baina bai garrantzitsuentzat ditudanetan. Hacker madarikatu horien aurkako garaipen bezala ulertuko dut.